GU

NOR GARA GU, ZER GARA GU…

Euskal Herrian burutzen diren zuzeneko emanaldien ispilua eta bozgorailu izateko helburuz sortzen da MusikaZuzenean egitasmoa.
Makina dira, kontaezinak, Euskal Herriko luze zabalean antolatzen diren kontzertuak eta zuzeneko emanaldiak. Lur eremu aberatsa da gurea zuzeneko musikaren alorrean. Asteburuetan metatzen dira emanaldi gehienak, baina, edozein egunetan bada aukera zuzeneko emanaldi bat bizi bizian dastatzeko. Ez da izango Europa osoan, ez mundu osoan akaso, Euskal Herria bezalako lur eremu txiki batean bezalako zuzeneko musika eskaintza topa daitekeenik. Gaztetxeak, areto komertzialak, herriko festak, taberna txikiak, festibal handiak… Ugariak dira zuzeneko emanaldiak programatzen dituztenak.

Emanaldi ugari izan arren, askotan zaila izaten da hauen inguruko informazio biltzea. MusikaZuzenean egitasmoa, hutsune hori betetzeko asmotan dator hain zuzen ere. Egunkarien agenda geroz eta mugatuagoa da, irrati kateak eta interneteko atariek ere ez dute behar adineko informazio eskaintzen, eta zentzu horretan emanaldi asko ezerezean geratzen dira. Musika zuzenean egitasmoak informazio zabala eskainiko du musikazale ororentzako, emanaldien berri zehatza eta osatua eskainiz. Horretarako, ekimen bakoitzari buruzko informazio osatua, musika taldeen biografiak, argazkiak, audioak eta bideo galeriez hornituko dugu webgunea.

Alta, gurea ez da emanaldien Agenda soil bat. Informazio egunerotua eta zehatza emateaz gain, gertatu denaren isla izan nahi du baita ere, igarotako emanaldien hartzaile eta dokumentazio gune. Horretarako, pasa diren emanaldien argazki eta bideo galeriak bilduko ditugu, bai eta idatzizko kronika eta kontzertu biren zuzeneko aipuak ere.