Pausuz pausu bidea egin ondoren, Orain eta hemen izenarekin datorkigu 2ZIO rap talde lapurtarraren hirugarren diska. Aintzineko biak bezala, autoekoizpena hau ere.
Barne sentimenduetatik abiatu eta aldarrikapenerako bidea eginez 12 kantuz osaturiko lan berria dakar hirukoteak. Barrutik idatzi eta egindakoa energiaz eta sakontasunez kanporatuz urrats bat gehiago eman du taldeak, bereizgarri duen musika iluna mantendu arren argi musikal gehiagorekin baitator.
2ZIO taldea 2010. Urtean sortu zen Odei (Urruña), Jo (Ziburu) eta Gorkaren (Algorta) eskutik. Sentimenduz zein aldarrikapenez betetako hitzak dituzte, base ilun zein argiak tartekatuz: Pausuz pausu (2013), Bideak (2015), Orain eta hemen (2018).
Lehen diska kaleratu zutenetik hamaika kontzertu eskeini dituzte Euskal Herriko txoko anitzetan eta urte t’erdiko etenaren ondoren indartsu itzuli dira.
Gizarte gai zabalak zein bizipen pertsonalak biltzen ditu diskak, beti ere kritika eta aldarrikapenari lekua utziz. Abestiz abesti mimatu eta mamitu dute lana eta kanta bakoitzak bere ikutu pertsonala izan arren osotasunera hurbildu nahi izan du taldeak.
Bizi orain eta hemen.