Agur eta ohore Jul Bolinaga!

17 Aza '14 0

no img

Jul Boliganaren heriotza kolpe latza izan da euskal musika eszenan. Lagun aparta zen Jul. Maitatua gertukoen artean, eta biziki estimatua Euskal Herriko txoko askotan. Asko izan dira gurean azken egun hauetan Jul gogoratuz idatzi diren lerroak. Seguraski, merezi baino gutxiago! Ugariak izan dira ere azken ordu hauetan guztietan espainiar estatutik edota atzerritik heldu diren elkartasun hitzak.

Larunbat gabean hil zen Jul Bergarako gaztetxean kontzertu bat eskaintzen ari zen bitartean The Potes taldearekin. Bihotzeko batek eraman zuen, eszenatoki bertan hil zelarik. Laster beteko zituen 50 urte. Gazteegi hiltzeko beti ere.

Atzera begira jartzen gara Jul oroitzean, batez ere RIP taldean eman zituen urteak gogoan.  RIP ezinbestekoak izan ziren 80. hamarkadan Euskal Herrian bizi izan zen musika mugimendua ulertzeko. Gaztetxe mugimendua, punkaren eztanda, irrati libreak, fantzineak, errepresio poliziala, manifak, kaleak sutan... RIP taldearen musika ezinbestean dago lotuta errealitate horri. Garaiko soinu banda. Musikaz jantzi zituzten hamaika borroka, hamaika historio, kalean bizitzen zena, kantu bilakatuz. Eta tartean, gitarra akorde izugarri horien melodiak hilezkorrak. Seguraski, euskal punkean eman diren akorde gordin eta oldarkorrenak atera dira Jul-en gitarra zaharretik. Garaian gitarra-jotzaile aparta izan gabe, bere ukitu bereziarekin, kantu soilak ereserki bilakatzeko gaitasuna izan zuen. Gure barnean tatuaturik geratu diren hamaika kantu eta hamaika kontu.

Egun, ere, musikarekin gozaten zuen The Potes taldeko kide bezala. Urteak atzera Los Pitxones, Txapelpunk, Carrocerias Betoño, The Kagas edota Piztu Punk bezalako taldeetan egin zuen bezala. Lagunez inguraturik, musikaz blai.

Beti prest gitarra riff batez elkartasun edo salaketa mezu bat zabaltzeko. Punkaren indarraz 80. hamarkadan, edota folk giroetan banjoa lagun azken urte hauetan. Musika biziki sentitzen zuen, eta musika egiten joan zaigu!

Agur eta ohore Jul Bolinaga!

Lepoan hartu... ta segi aurrera!

Argazki originala: Aitor Arregi 'Txisto'

Komentarioak

Ez dago komentariorik