EATE THE WORLD TOUR 16-17
Niña Coyote eta Chico Tornado

14 Ots '17 0

coyote_goiburu.jpgcoyot_goiburu_letrak.jpg


Niña Coyote eta Chico Tornado bikoa geldiezin dabil azken hilabete hauetan guztietan. Euskal Herrian ez ezik, kontzertu birak burutu dituzte Mexiko, Amerikako Estatu Batuak, Japonia eta Txiletik zehar.

Bira-Kronika honetan taldekideek idatziko lerroak irakurriko dituzue, Uxoa eta Kolditok bira egunetan bizitakoaren lagin txiki bat.




MEXIKO - AEB
Irailaren 20an, goizeko bostetan abiatu ginen Donostiatik Loiuko aireportura. Arropa batzuk, taldeko materiala eta kitarrari zarata ateratzeko derrigorrezko pedalak. Helmuga: Mexico DF. Hiri handi eta eroa da DF… zorionez, Pau eta Pau (Pau Montagud eta Paula Chirinos, Docs DF festibaleko antolatzaile eta lagun handiak) zain genituen euren etxeko ateak zabalik. Gida lanak bakarrik ez, bizkarra ederki zainduta izan dugu DFn…

Aurreneko bi egunetako egitekoa: birari ekiteko materiala aurkitzea. Hiriko musika instrumentu eta ekipamendu dendak biltzen dituen kalean ibili ginen gora eta behera. Kitarra eta plater berriak aldean, DFko Monrovia kaleko izen bereko eraikinera gerturatu ginen… festibaleko gainerako musika taldeekin bat egin eta ekipo osoa furgoneta bakarrean kargatuta, Foro Alicia kontzertu aretora abiatu ginen denak batera.

Soinu froga laburra eta kontzertua hasi. Antzematen da bai DF 2240 metro baino gehiagoko altueran dagoela! ahalegin txikienak ere jota uzten zaitu, baina birako lehenengo kontzertuak merezi duen emozioak oxigeno gabezia erraz gainditu zuen! Mexikar ugari eta euskaldun zenbait ezagutzeko parada izan genuen kontzertuaren ostean… Birari ekiteko modu ederra izan zen!

DFko zementuzko paisaia eta poluzioa atzean utzita, Quintana Rooko baso artean hartu genuen lurra Cancuneko aireportuan. Ez pentsa, oihanaren eta itsasoaren artean egonda ere, hormigoi pila handia dago baita Cancunen ere. Kontradikzioz betetako tokia guretzat… Tenperatura tropikala ere antzematen da DFtik etorrita, baina eguerdiko eguzkipean, hotel arteko manglare erdi urbanizatu batean, kontzerturako ekipoa montatzeari ekin genion. Bi urte lehenago Ayotzinapan desagerrarazitako 43 ikasleak omentzeko hautatutako lekua zen hura.

Egunaren azken argi izpiek lagunduta eman genuen kontzertua. Amaieran, desagerrarazitako ikasleen guraso batzuk eta gau ilun hartan ihes egitean lortu zuen gazte batek hartu zuten hitza. Oporretarako toki “idilikoa” hartan errealitate gordinaren dosi potentea jaso genuen. Hunkigarria izan zen benetan. Ikasleak gogoan, 43 argik gidatzen zuten martxak Cancun hiriko luxuko ibilgailuen joan etorria eten zuten une batez.

Euripean hartu gintuen Guadalajarak. Aireportuan, aspaldiko lagunak: Julián eta Cristian. Mexicalikoa da Julián eta Guadalajarakoa Cristian. Doña Pancha underground festibalaren antolatzaile nagusiak dira biak. Hurrengo bi egunetan geure “etxea” izango zen artista aterpera eraman gintuzten. Biharamon gauean festibalean parte hartuko zuten beste taldeetako kide batzuk eta bertako hainbat artista musikal eta plastiko ezagutu genituen bertan… benetan interesgarria Guadalajarako eszena!

Goizean festibalaren aretora joan ginen soinu froga egitera. Egun osoa (baita gauaren zati bat ere) eman genuen Kukuruchos aretoko giza faunarekin… Jendeak benetan gogotsu zirudien gure musika entzuteko eta hala izan zen! Jotzen hasi eta eromena nagusitu zen ikuslegoan… bertan dioten moduan se prendió la raza, wey! . Baina biraren agendak ez du barkatzen: bi ordutxo egin lo eta goizeko bostak, berriro ere, aireportura. Aurkitu bezala, euripean, utzi genuen Guadalajara, hain azkar joateko penaz…

coyote_kronika_1_argazkia.jpg

Callegenera Monterreyko kaleko festibala da. Hilabeteko iraupena du eta gu pozik hasiera emateko kontzertuan parte hartzeko gonbidapenarekin. Nekeak neke, hotelean gauzak utzi, dutxa azkar bat eta soinu froga egiteko prest! Geure kantuekin batera, Fermin Muguruza lagun genuela, Negu Gorriaken beste bi kantu genituen prest gaualdirako eta soinu froga azken entsaioa egiteko aprobetxatu genuen. Enparantza betea zela, bertako eta Mexicoko beste hainbat bazterretako taldeekin jo genuen. Etxean bezala, beste behin ere. Norteñoek ez dute hegoaldekoek bezain irribarre erraza, baina jende benetan jatorrarekin egin genuen topo Monterreyn egindako 24 ordu eskasetan…

Hurrengo geltokia, Mexicali. Zuzeneko hegaldirik ez eta Tijuanara hartu genuen hegazkina. Han genuen zain, berriz ere, gure Julián handia, Guadalajatik bidea eginda, Mexicalira joateko prest. Julián-en azalpenak entzunez ikusi genituen Etxe Zuriak Mexico-rekin mugan eraikitako hesi madarikatua, La Rumorosa mendikate ederra eta Laguna Salada bezalako leku sinestezinak. Hiru orduko bidea eta Mexicalin. Aurretik ezagutzen genuen Mexicali desertu erdian kokatutako muga-hiria. Kontrastez beterikoa, hiri benetan harrigarria da. Oso gogoko dugu. Aspaldiko lagunekin elkartzeko une ederra. Plazer hutsa Mexikaliko egonaldia! Kontzertuaz zer esan… sutsua benetan, ikusleen eta bandaren arteko gertutasuna... Espazio banaketa desagertu arte gerturatzen dira!

coyote_kronika_2_argazkia.jpg

Lineako autobusetik esan genion agur Mexicaliri. Tijuanako bus geltokian zen Luís, hurrengo kontzertuetan bide lagun izango genuen Le Ra mugaldeko taldeko perkusio jolea. Duela hiru  urte Mexicalin egindako kontzertu batean ezagutu genituen Le Rako kideak. Estatu Batuetara igarotzeko muga pasabidea igaro behar genuen. Arazorik ez izateko gomendioei men eginda, gure gauzak Luisen kotxean sartu eta, zorro txikia aldean hartuta, oinez pasa genuen muga…  Ordu pare bat eta galdera gutxi batzuk erantzunda, lortu genuen San Diegoko lurra zapaltzea. Han ziren zain Luis eta gure gauzak, baita berri txarrak ere… Le Rako baterijolearen senide batek istripu mortala izan zuen lanean guk muga zeharkatzen genuen bitartean… Mónica Mendoza kitarjolearen etxean elkartu ginen denak eta San Diego eta Los Angeleseko kontzertuekin edonola aurrera egitea eta Tijuanakoaren data atzeratzea erabaki genuen denek elkarrekin egin ahal izateko. Ordu gutxi batzuk baino ez ziren elkartu ordutik baina oso gertuko genituen dagoeneko Le Rako kideak. Monica eta Luisen etxean pasatako egunetan are gehiago indartu zen sentsazioa. Handia da mugaldeko jendea!

Muga gurutzatu eta nabari da aldea. Jendearen jarrera ez da berbera. Eta kontzertuetan ere antzematen da hori. Mexikarrak kontzertua bizitzeko gogoz gerturatzen dira, taldekoak balira bezala askotan. Estatu batuarrei gehiago kostatzen zaie euren buruak askatzea. Hala ere, tarterik utzi gabe astindu genuen kanta bat bestearen atzetik bai San Diegon eta baita Los Angelesen ere ikusle guztiak burudantzan jarri arte.

coyote_kronika_3_argazkia.jpg

Le Rako taldekideei agur esan genien tarte baterako. Geure kabuz segiko genuen bidea, baina hitz emanda utzi genuen istripuaren ondorioz atzeratutako Tijuanako kontzertua. Kotxe bat alokatu eta San Franciscorako bidea hartu genuen. Ondo ezagutzen dugu San Francisco. Denboraldi luzeak pasatakoak gara bertan. Bertako sentitzen gara SFen. Bira erdibidean geldiunetxoa  egin eta bertako lagunei fundamentuzko bisita egiteko asmoz bi aste luze eman genituen bertan. Tartean bi kontzertu egiteko aukera izan genuen. Pozik, Tiger Honey Pot eta Electric Machine Gun Tits taldeetako JoJon, Tora eta Naoko lagun handiekin eszenatokia berriro ere zapalduta. Duela bi urteko biran ezagutu genituen eta orduz geroztik harreman estua mantendu izan dugu eurekin. Lagun asko azaldu ziren, baita ezagutzen ez genuen jende ugari ere. Lagunak dena emateko prest eta ezagutzen ez gintuztenengan eragindako harridurak kontzertu ahaztezin bihurtu zituen biak!

Atsedentxoaren ostean gustura hartu genuen errepidea berriz ere. Las Vegasen genuen hitzartuta hurrengo kontzertua, baina zeregin berezi bat genuen Los Angelesen aurretik eta bertan egin genuen lehen geldialdia. Gure lagun Andrew bideogilea genuen zain, afaria prest. Ikus-entzunezko proiektu interesgarria du esku artean, horretarako pieza bat grabatu genuen hiriaren erdialdeko estudio batean.

Leku bitxia da Las Vegas… Los Angeleseko eromen urbanotik atera eta desertuko lasaitasunera ohitzen ari zaren unean, hormigoizko eta muturreko argiztapenez apaindutako hormigoizko munstroa ageri da, edozein momentutan irentsiko zaituela dirudiena… Hala ere lagun onak dauzkagu bertan. Gustura antolatzen dizkigute kontzertuak The Swamp Gospel taldeko Melanie eta Rich Coffee mitikoek. Las Vegasen harribitxia da Double Down Saloon. Han genuen kontzertua oraingoan. Hiriko punk-rock taberna bakarra da… eta berriz ere etxean bezala! 24 orduz zabalik den tabernan… berandu hasi eta berandu bukatzen dira kontzertuak, baina taldeen izenak argitan jartzeko letreroa daukate!

coyote_kronika_4_argazkia.jpg

Desertua oso gogoko dugu eta bertan eman genituen Tijuanako data iritsi arte libre geratzen zitzaizkigun bi egunak. Eta atzera berriro ere Mexikora! Pozez hartu genituen Tijuanako eromena eta mexikar estiloa, eta, nola ez, Le Ra ko gure lagunen abegi aparta. “Music without borders” aldarrikatzen dute antolatzaileek eta kartela San Diegoko talde batek, Tijuana-SanDiegoko beste talde batek, Mexicaliko batek eta guk geuk osatzen genuen. Agerian geratu zen musikak ez duela mugarik! Baina mugako poliziak ez dira iritzi berberekoak. Jabetu ginen bai hurrengo egunean ez dela erraza AEBetara gora eta behera aritzea… Baina aizue, lortu genuen eta San Diegon berriro, gure bidaiako azken txanpari ekiteko prest!

Musikak, erritmoak, kaleko biziak hiriburu bat beharko balu hori da New Orleans. Birarako finkatutako ia lehen hitzordua izan zen bertakoa. Han genuen beraz etxera bueltarako hegazkin txartelaren erreserba. San Franciscon geundela iritsi zitzaigun ordea berria… Frenchmen Streeteko Yuki Izakaya, kontzertua jotzeko hitza hartu zigun tabernak bere ateak itxiko zituela urriaren 31ean eraikinaren jabearekin arazoak tarteko.
Eta gu han, New Orleansen… egunero-egunero ehunka kontzertu egiten dituzten hirian, jotzeko aukera zapuztuta. Gauzak honela, iritsi bezain laster ekin genion alternatiba bilatzeari… halaxe ezagutu genuen Siberia, jazz eta blues unibertsoan, hard rock- metal oasia den taberna bitxia. Tabernako jabearekin hitz egitera joatea erabaki genuen eta gure musika eta zuzenekoak txekeatu ondoren pozik eman zigun bere tabernan jotzeko tartea, baita falta genituen elementuak lortu ere!

Egindakoarekin pozik eta joateaz pena apur batekin agurtu genuen horren ondo tratatu gintuen kontinentea, laster arte ipar Amerika!

Etxean hiru aste egin ondoren, tartean Arrasateko gaztetxean jo genuen kontzertu goxoa (beti eskertzen da etxera bueltatzea…), abenduaren 2an, ostirala, gure backline eta furgoneta maiteak lagun, Madrilerako bidea hartu genuen.  Zailena Madrilgo erdi-erdigunean dagoen Sala El Sol famatura iristea izan zen gabonengatik itxitako kaleetan  barrena. Behin hara helduta, erraz joan zen dena, SCRko lagunekin jo izan dugun guztietan bezala. Soinu froga, afaria, eta konturatzerako dantzatzeko gogo izugarriz zebilen jendez beteriko aretoan genbiltzan adatsak astintzen! Kristoren arrakasta… baina ospatzeko denborarik ez! Dena jaso, ordu gutxi batzuk lo egin eta etxera buelta Loiurako bidea hartzeko, beste behin ere…  

JAPON
Bilbotik Parisera… eskala labur bat eta… Kaixo Japon! Tokioko Narita aireportuan hartu genuen lurra. Astelehen goizean, supertren japoniarrekin gure lehen kontaktua izan ostean, Shogo Komiyama eta Txakoren etxera heldu ginen, biran zehar gurea ere izango zena. Dutxa azkar bat eta trenera berriro japoniar birako lehen soinu frogara!

Duela lau urte ezagutu genuen aurrenekoz Japonia. Zuloak taldearekin ziztu bizian egindako biran zertxobait ezagutzeko parada izan genuen, baina Japonia… Japonia etengabeko sorpresa da. Hain da ezberdina, beste planeta batean zabiltzala dirudi…

Shinjuku izeneko auzoko eraikin bateko bostgarren pisuan dago Motion aretoa. Han genuen lehen kontzertua. Oroitzapen ona genuen. Langile amorratuak, eraginkorrak eta perfekzionistak dira japoniarrak. Plazerra da eurekin lan egitea. Lehen kontzertutik azkenekoraino, soinu teknikari eta eszenategiko langile apartekin egin dugu topo, izugarri atseginak eta profesional finak! 5 minutuko soinu frogek beti uzten dute afaltzeko denbora nahikoa eta janari japoniarra dastatzekoa da…

Bertako beste hiru taldek osatzen zuten gaueko kartela eta bira honetan lehen aldiz ikusi genuen musikari japoniarren maila teknikarien parekoa dela.

Takasakirako bidea ez zen hain xamurra izan. Ordutegia zela eta trenik ez eta gure kabuz joan ginen autoz… gauza da Japonian Ingalaterran bezala gidatzen dutela, beste aldetik eta eskuin aldean… beste aldean! Gainera kartel guztiak japoniarrez daude (logikoa bestalde). Shogoren argibideei esker ordea erraz iritsi ginen. Takasaki hiri “txikia” bada ere eszena interesgarria topatu genuen bertan. Aretoa, soinu ekipoa eta teknikariak bikainak, ohi bezala, eta ikuslegoa bereziki sutsua. Dantzan jarri genituen hiriko gazteak baita gorbatadunak ere! Gaualdi bikaina igaro izanaren sentsazioarekin egin genuen buelta Kawasakiko “gure” etxetxora…

coyote_kronika_5_argazkia.jpg

Three eta Basement, Shimokitazawa auzo interesgarriko soto berean dauden bi areto dira, han ospatzen zuten Blast Jams!  festibala… bi aretoetako eszenatokiak aldi berean erabiliz, 24 talde baina gehiagok parte hartzen genuen festibalak irauten zituen 12 orduetan zehar… arratsalde bukaeran jotzea zegokigun guri eta gure emanaldiaz gozatuta beste taldeen showez gozatu genuen… Tokyoko eszenako garaje, rockabilly, punk eta rock eszenako talde guzti horiek, ikusle pila, guztiak ikaragarrizko estetika zainduarekin… fikzioa zirudien hark! Pelikula batean geundela zirudien!

Tartean beste kontzertu batzuk eta hainbat egun libre izan ondoren Tokyoko Shimokitazawara egin genuen gure birako azken kontzertu japoniarra egitera. Ohi bezala dena perfekto. Jende honen lan egiteko era faltan botako genuela somatzen genuen…  lau taldek osatzen zuten kartela eta igande iluntzea ederki animatu zen Club251en. Hirugarrenak ginen gu eta azken bandaren ostean, DJ saio labur baten ondoren, mahai luze bat antolatu eta talde guztietako partaideak eta kontzertuaren antolatzaileek elkarrekin afaldu genuen mahai bertan prestatu zuten “nabe” izeneko plater tipikoa…

Herrialde berezi honi agur esateko modu ezin hobea, pentsamendu horren lagunduta abiatu ginen aireportura hurrengo goizean. Oraingoan Haneda. Hegazkinetik Fuji mendiari agur esan eta amaitezina iruditu zitzaigun hegaldiaren ostean Europan ginen berriz… Parisen… ze arraroa dena hain “normala”… Denbora gutxirako halere! Gabonetako parentesi arraroaren ostean berriz ere maletak egin eta munduaren beste aldera beste behin ere… aio Loiuko negu gorria… kaixo Chileko udara betea!

TXILE
Bitxia da ordu gutxi batzuk hegazkinean igarota kalera atera eta denboran bidaiatu duzula dirudienean… baina ez urte batzuk… baizik eta denboran sei hilabete bidaiatu eta urtarriletik uztailera agertu bapatean. Halakoa izan zen gure sentsazioa Santiago de Chileko aireportutik atera ginenean… arropa soberan, eguzkitako betaurrekoen beharra eta kalean egoteko kristoren gogoa bapatean!

AIEk Chileko SCDrekin duen akordio bati esker jaso genuen hego hemisferioan jotzeko gonbitea. SCDko langilea da Juan Dominguez, gure bertako tourmanager aparta…  Bitxia da mundu osoa zeharkatu eta horren erraza izatea bertako jendearekin elkar ulertzea, eta ez da hizkuntza kontu soila…

Santiagoko Bar de Rene rock taberna mitikoan izan zen gure lehen kontzertua eta benetan ongi etorri sentiarazi gintuzten txiletarrek. Aurretik entzuna genuen rockero sutsuak zirela munduko alde honetan baina beti da ederra zure begiz ikustea! Sekulako giroa Santiagoko udako gauetan!

Gustura egoten da udan, manga motzetan gauez taberna kanpoaldean eta ordu gutxi lo eginda abiatu ginen Valparaisora. Elkarrizketa egin genuen goizean bertako egunkari batean eta arratsaldeko irrati saiora joan aurreko orduak bertako kale aldapatsu eta koloretsuetan eman genituen. Ordua heltzean, gure ekipo guztia montatzera joan ginen Valentin Letelier irratira elkarrizketa eta zuzenekoa egitera.

Ta berriz ere aireportura, oraingoan Concepción, hegoaldeko hirira eramango gintuen hegazkina hartzera. Bertan ezagutu genituen Perrosky taldekoak, gauean eszena gurekin partekatuko zutenak Casa de Salud areto sinestezinean. Espazio ezberdinak dituen eraikuntza handi eta laberintikoa da Casa de Salud eta bertan kontzertuak egiteko areto ezberdinak, musika pintxatzeko aretoak eta eseri, edan eta erretzeko patio irekiak daude. Grabaketa estudioa, irratia, birziklatze tailerra eta etengabeko antzerki eta musika programazioa muralez beteriko pareten artean!

coyote_kronika_6_argazkia.jpg

Soinu froga erraz egin genuen beste behin ere… aurrekoetan ez bezala, Txilen, Julen zegoen gurekin, gure etxeko soinu teknikaria… batzuetan japoniarrak ekartzen dizkigu gogora… dena hain erraz egiten du! Afal ostean, aretora bueltatzean, eraikinari buelta ematen zion ilara zegoen sartzeko… Erraldoia Conceko giroa! Kontzertu benetan bizi eta izerditsua… etxean bezala!

Eta berriro ere arrastaka aireportura… eskerrak birako azken kontzertura joan aurretik siestatxo bat egiteko aukera izan genuen! Dutxa bat eta berriro prest egurra emateko!

Santiagoko Loreto tabernan izango zen kontzertua. Arratsaldeko bero itsaskorrak lagunduta, ekipoa montatzen ari ginela iritsi ziren gure gaueko lagunak, Tsunamis taldekoak hain zuzen ere eta, Txilen ohiko egin zen eran, segituan sortu genuen kuadrilla giroa.

Areto bete eta izerditsuan agurtu genuen ia lau hilabeteko bira: 80.000km, 20 hegaldi, 25 hiri, 26 ohe, eta milaka abentura eta desbentura gutxi izan dituen bira. Bidean, bizi osorako lagunak eta esperientziak opari utzi dizkigun bira errepikaezina.

Mexico - AEB
09/23 - DF - El Foro Alicia
10/01 - Guadalajara - Festival Doña Pancha 2016
10/02 - Monterrey - CONARTE NUEVO LEON
10/05 - Mexicali - Festival Doña Pancha showcase
10/06 - San Diego + le al - blonde
10/07 - Los Angeles + Le Ra + Cool Arrows - The Lost Room
10/08 - Tijuana + Le Ra - Mous Tache Bar
10/15 - San Francisco + Tiger honey pot-Bender's Bar and Grill
10/20 - San Francisco + electric ametralladora tetas-Sf Eagle

Japon
12/05 - Jardín Nacional shinjuku - motion
12/06 - Shimokitazawa - tres
12/10 - Shimokitazawa - sótano bar & tres
12/12 - Shinjuku - Marz
12/18 - Shimokitazawa - Club251

EATE CHILE TOUR 2017
01/11 Bar de Rene - Santiago, Chile + Chicago Toys
01/12 Sala Musicámara - Valparaíso, Chile
01/13 Casa de Salud - Concepción, Chile + Perrosky
01/14 Bar Loreto - Santiago, Chile + Tsunamis


Komentarioak

Ez dago komentariorik