🔴 #BTXREC - GRABAKETAREN EGUNEROKOA -

05 Ira '17 0

🔴 #BTXREC

BERRI TXARRAK TALDEAK BEDERATZIGARREN DISKOA GRABATZEN ARI DA EGUNOTAN  AEB-tako COLORADO HIRIAN BILL STEVENSON SOINU TEKNIKARIAREN THE BLASTING ROOM ESTUDIOAN.

TALDEKIDEEK EGUNOROKOA IDAZTEN ARI DIRA FACEBOOK GUNEAN. GUK, KRONIKA GUZTIAK BILDU ETA ORRI BAKARREAN BATU DITUGU!



 8/9 🔴MAMIA

Lan berria masterizatzeko ataritan, hemen gabiltza oraindik ordenarekin gora eta behera. Teoria asko dago disko baten sekuentziazioari buruz: nola hasi, lehendabiziko hiru kantuek gorantz egin behar dutela, tonalidadeak zaindu, abiadurak, bukaerak gehiagorako gogoz uztea ahal dela... Baina uste dut galdera gaur egun beste bat dela: hots, zentzurik ba ote duen antigoaleko pentsamole honekin jarraitzeak, disko bat 10-11 kantuko unitate koherentetzat hartuz. Single askearen garaiotan zaharkituta geratu gara beharbada, baina guretzako bai, oraindik badu zentzurik hala jokatzeak. Maite ditugu diskoak eta gure bihotzeko zati batek oraindik A eta B aldea ditu gogoan hurrenkera pentsatzeko orduan.

Momentuz gauza bat baino ez daukagu argi: diskoaren lehendabiziko abestia eta azkenekoa. Alfa eta omega. Bai, datozen ordutan iritziz aldatzen ez badugu behintzat, lan berria DARDARAREN BAT-ekin hasi eta ZORIONAREN LOBBYA-rekin amaituko da. Tartekoan dago orain mamia, baina, ulertuko duzuenez, ez dugu SPOILER egingo.


 7/9 🔴 HÜSKER DÜ MEETS TORCHE

Konparaketek kalte besterik ez dute egiten musikan. Ez dute ezertarako balio. Talde batek ez dakit noren antza duela esaten dizutenean, gerora entzun eta normalean dezepzioa besterik ez duzu hartzen: konparatutakoaren maila lortzen ez dutelako (“Hauek al ziren At The Drive In berriak? Bueno bueno, mesedez!”), edo konparatutakoarekin antz handiegia dutelako bestela (“Mmmmm, ez daude gaizki, baina Ramones-ek lehenago eta hobeto egiten zuen hau”). Bestetik, delako taldeak nortasuna eta soinu propioa badauzka (“soinu propio”-rik existitzen dela hitzartzen badugu), edozein konparaketa erredukzionista izango da. (“Bale, Itoiz-en ikutuak badauzkate, baina hori baino askoz gehiago dira!”). Esandakoa, irteerarik gabeko labirintoa da konparaketena.

Horregatik, nahiago halakorik ez egin; disko berri bat entzutean (batez ere hasieran), dezepziorako aukerak ugariak dira berez eta ez da komeni probabilidade horiek goiburu erakargarrien bidez emendatzea. Inor ez baita birjin iristen lan berri bat entzutera. Ez, norberaren espektatibak sartzen dira jokoan, bakoitzak entzungo duenaren irudia egiten du buruan eta noski, ezin belarri guztiak asetu. Bada beti labanarekin zain dagoenik ere. Bada hasieran gorrotatu eta gerora diskotik irten ezinda geratzen denik. Igual igual maite zaituztegu denok.

Gauza da, Grant Hart-en heriotzaren albiste tristea ezagutu berritan, egoki ikusi dudala pasadizo hau lerrootara ekartzea. Bill Stevenson ekoizleak, gure musikaz galdetuta, halaxe erantzuten du: “Berri Txarrak? Hüsker Dü eta Torche-ren arteko nahasketa bat da. Hori eta Andrés Segovia-ren ikutu batzuk, kar-kar!”.
Dezepzionatzeko tarte zabala irabazia dugu urteen poderioz. Lasai gaude.


 6/9 🔴 #BACKLINEPORN

Kuxkuxeroentzako, disko berrian erabilitako gailuen argazki batzuk...

http://musikazuzenean.com/public/uploads/backpor.jpg


 5/9 🔴 AUDIOSELFIEAK

Gertatuko zitzaizun zuri ere. Zeure ahotsa grabatuta entzuten duzun lehendabiziko aldi hori. Audioselfie horrek eragiten dizun sentsazio arraroa, lotsatik eta dezepziotik zerbait badaukana normalean. Gaur egun, telefonoekin, egunero egiten ahal den zerbait da, baina gure haurtzaroan oso berezia izaten zen une hori. Eskolako zintako grabagailuan edo –guraso modernoak/dirudunak zituztenek- etxeko erantzungailu automatikoaren mezua grabatzerakoan izaten zuen norberak bere ahotsa kanpotik “ikusteko” lehen aukera.

Bada, BTX-en 9. diskoko ahotsak grabatzen ari naizen honetan, honen inguruan ari naiz hausnarrean. Nago hasierako sentsazio horrek oihartzuna uzten duela gure gogamenean, oraindik ere arraro sentitzen bainaiz nire ahotsa kanpotik entzuten dudan bakoitzean. Eta Billekin ahotsak grabatzea, sinetsidazue, oso gogorra izan daiteke. Kanta bakoitzarekin bataz beste 5 ordu aritzen naiz, lerroak errepikatu eta errepikatu. Bost ordu etengabe audioselfieak ateratzen, memoria bete arte.

Ulertzen orain zergatik nahi dudan honekin lehenbailehen bukatzea?

Gorka U.


 4/9 🔴  ZAINDU ESKUINA

Maite dut gitarrak grabatzea. Instrumentu honetan, askok kontrakoa pentsatuko duten arren, beti iruditu zait garrantzitsuagoa eskuineko eskua ezkerrekoa baino. Ados, akordeak eta abarrak ezkerrak ebazten ditu (musikaria ezkertia ez bada, noski), eta zer? Erratuta egon naiteke, baina ezkerrekoak egiten duena burmuinarekin lotzen dut, eskuinak bihotzari eta, batez ere, erraiei egiten die men. Ziurrenik bien arteko oreka izango da onena, zeinek daki. Kontzertuetan, mundu guztia solistari begira zegoenean, gitarra erritmikoan fijatzen zen ume mokoa nintzen ni. Beno, Wilcoren Impossible Germany-rekin beharbada ez, zerbaitegatik da Nels Cline-ena hamarkadako solorik onena.

Bistan da, ez naiz guitar hero bat. Hein batean, nire gabeziek zizelkatu dute nire jotzeko modua; hiruko batean aritzeak eraman nau akordeak bilatzeko modu honetara, beti kantuarengatik eta kantuarentzako.
Galder eta Daviden lana berriz ere izugarri ona da diskoan. Sustrai hauekin ia berez ernetzen da enbor sendoa, eta zuhaitza hazten doa egunetik egunera. Emango dituen itzala eta fruituak, aldiz, inork ez daki. Bego misterio hori, bestela zer?

Bill-ek kontzertuak dauzka Descendents-ekin, eta Vancouver aldera joan da egun batzuetarako. Bitartean gitarrak grabatu ditut Jasonekin. Aukera zabala izateko, anpli dorre garaia prestatu du nire alboan: Silvertone, Marshall, Sunn, EVH, Toneville... Pantailak ere ugari, bost bat bai. Horietako zaharrena, Uriah Heep taldeko gitarjolearena izandakoa. Ufa.

Ez, ez naiz guitar hero bat baina maite dut gitarrak grabatzea. Eskuinarekin, zuzenean erraietatik.

Gorka Urbizu


 3/9 🔴 EUREN ERARA

Hiru urte pasa dira azkenekoz hemen egon ginenetik eta oraindik zehatz gogoratzen dut Denverko aireportutik Fort Collinserako bidea; ordu eta erdiko ibilbideak eskaintzen dizun paisaia eta detaileak, errepide zuzen amaigabea, amerikar road movie onenetan topatuko zenituzkeen ibilgailuak nonahi. Kontrakoa dirudien arren, gidatzeak lasaitu egiten nau, datozen lau asteetan etorriko denari buruz hausnartzeko baliatzen dut.

Atzo izan zela ematen du. Gogoan dut, iritsi berritan, taberna batetako barran eseri eta eskatutako lehendabiziko garagardo horrek piztu zuela egun lupuluarekin daukagun maitasun harreman hori, eta horrekin batera ekin genionla “Xake-Mate kultural bat” EParen grabaketa azkar horri (DDPB laneko hirugarren eta azken zatia). Zortzi egun besterik ez genituen eman bertan, diskoa zuzenean grabatu eta nahasten. Abestiak eta azken emaitza ezin hobeak iruditzen zaizkidan arren, aitortu beharra daukat grabaketa moldea beharbada ez zela egokiena izan, batez ere The Blasting Room-en duten lan egiteko modua kontuan hartuta –askoz ere zorrotzagoa, orduko grabaketa haren kontrakoa hain justu ere-.

Bada, hiru urte beranduago, lupuluaren erritualari fidel, iritsi eta berehala Bill Stevensonekin topa eginez eman genion ongi etorria grabaketa berriari. Bill, gure luxuzko ekoizle eta zizeronea egunotan. Hurrengo egunean Galder egurrean hasten da bateriak astintzen eta ni, bitartean, barne tentsioa eta energia bideratzen saiatzen naiz sukaldeko zartagin artean, nire txanda noiz helduko zain... Hiru egun beranduago Andrew Berlin agertzen da. Beti irribarretsu, Andrew oso tipo atsegina da; berea izango da baxuak grabatzeko ardura. Berehala ulertzen dugu elkar, eta soinua hartu eta muntatzeko egun oso bat eduki arren, goiza amaitu orduko prest gaude lanean hasteko. Grabaketa erritmoa oso lasaia da, goizez bakarrik aritzen naiz eta bataz beste bi-hiru kantu bukatzen ditugu eguneko. Andrewren jarrera egokiena da, adi eta prestu edozein proposamen edo ideia probatzeko, sortze prozesu batean eskertzekoa dena zinez.

Lau egunetan baxuak bukatuta daude eta sentsazioak izugarri onak dira. Nire hasierako ideia zen estudiora baxuen konponketak gehiegi definitu gabe eraman eta bertan lantzea, eta uste dut ederki funtzionatu duela. Nago hau dela grabatzeko modurik onena, estudioan sortzen den magian sinistuz, artean kantuak aldatzen eta eraldatzen dauden unean. Baiki, kantuok aldatzen doaz ematen dugun urrats bakoitzeko...
Ez dadila haria eten!

David Glez


 2/9 🔴 GALDERREN OSOBA MOZKORRA

Teknikariak lehioaren bestaldetik dio ea gaur jotzen dabilena Galder den ala haren osaba mozkorra. Mezua argia da, "finago ibili eta aizkora zorroztu".

Hala kontuak, nork bere onenaren bila eztarritik beherako barne rapelatzeari ekiten dio eta metronomoaren taupadatara itsatsi, baxuaren nahierara bonboak kolpatu eta gitarra zein ahotsaren uhinak surfeatzen saiatzen da.

Batzuetan sortzaile eta basati, bestetan zalantzaz beterik eta oker, eta une zailenetan agertzen dira nire familiako kideak laguntzera, baita osaba mozkorra ere.

Ez naizela bakarrik etorri erantzun diot nik teknikariari, (...eta eskerrik).

Galder "Drumoia" Izagirre


 1/9 🔴 SANTIAGO DE CHILE - PERTSIA - FORT COLLINS

Istorio bakoitzak bere iturburua dauka. Diotenez, antzinako Pertsian, erabaki zail bat hartu behar zutenean halaxe jokatzen omen zuten: bilera batetan mozkortu, argumentuak bota eta hurrengo egunean (tartean edaririk ez zegoela) bezperakoak errepasatu eta zirt ala zart egiten zuten. 

The Blasting Room estudioan hau idazten ari naizen unean –Jason Livermore gitarrak grabatzera noiz etorriko zain-, ezin dut pertsiarren istorio hori burutik kendu. Zerk ekarri gaitu Coloradoko herri honetara, Berri Txarraken 9. diskoa grabatzera? Gertaeren kateatze batek, esango nuke.
DDPB “munstro” haren hirugarren burua hementxe grabatu genuen, punk rockaren historian hizki larriz idatzi beharreko tipo maitagarri batekin: Bill Stevensonekin, alegia. Kafeinazale sendaezin hau, besteak beste Black Flag edo Descendents taldeetan bateria jotzeaz gain, estilo honetako ekoizlerik preziatuenetakoa da.

Miratik birara: 2014ko grabaketa hartan bizitakoak ahalbidetu zuen iaz, Descendents-ek BTX gonbidatzea Hypercaffium Spazzinate biran Hego Amerikan elkarrekin jotzeko. Kontzertu baten ondoren, amerikarren aldagelan festa izan zen. Bill hurbildu zitzaigun eta errugby jokalariek elkar besarkatzen duten moduan estutu gintuen bere besotzar horiekin, guri buruz hitz eder batzuk botatzeko. Lotsagorritzeko moduko laudorio horiek ez ditut hemen transkribatuko, baina laburbilduz, esan zigun aspaldian zuzenean jotzen dabilela eta ekoizpen lanak albo batera utzita dauzkala, ezpada aldian behin gustuko duen proiekturen batean engaiatzeko. Bestela esanda, estudioan beso-zabalik hartuko gintuzkeela, gure disko berria berarekin grabatzea erabakiko bagenu.

Pertsen moduan, momentuko ego-txutea hozten utzi eta, tartean edaririk ez zegoela, Santiagoko aldagela hartan gertatutakoa patxadaz komentatu genuen. Erabakia hartuta zegoen, baina: ez gara gu izango halako aukera, horrelako seinale argi bat pasatzen utziko duen taldea.

Abian da BTX-en bederatzigarren diskoaren grabaketa.

Gorka U.



Komentarioak

Ez dago komentariorik