BERRIA egunkarian argitaratua

01 Aza '10 0

Kontzertuen bozgorailu berria

Gorka Erostarbe.

«Euskal Herrian egiten diren zuzeneko emanaldien ispilua eta bozgorailua izateko helburua» du www.musikazuzenean.com webguneak. Atzodanik edonorentzat irekia dago.

Zuzeneko musika emanaldien berri ematen duen webgunea abian jarri du musikazale talde batek

Egunkari eta Interneteko zenbait orritako agendak begiratzea aski da Euskal Herria kontzertuetarako leku oparoa dela ohartzeko. Ostegunean hasi eta igandera bitartean ezaugarri, jatorri eta molde askotako dozenaka kontzertu izaten dira herri nahiz hiriburuetan, eta zenbaitetan, baita gainerako egunetan ere. Musika aretoak, gaztetxeak, taberna txiki eta ez hain txikiak, jaialdi handi eta ez hain handiak, herriko festak... Ugariak dira zuzeneko emanaldiak programatzen dituztenak. Errealitate hori gertu-gertutik ezagututakoa da Koldo Otamendi musikazale eta kazetaria -El Tubo, Entzun, Egin, Gara...-. Ez hori bakarrik, ordea; jakitun da kontzertu horien guztien berri ematen duen gune edota plaza komun osorik ez dagoela egun. Eta errealitate bikoitz horretatik abiatuta ekin zion Musika Zuzenean egitasmoa landu eta osatzeari.

Musikaren inguruko pertsonez osaturiko sarea eratu du Otamendik webgunea sortzeko eta gerora edukiz hornitzeko: «Musika munduko zenbait eragilek parte hartuko dute. Diskoetxeak, musika sustatzaileak, grabaketa estudioak, webzineak, musikariak eta musikazaleak izango ditugu bidaia lagun».

Donostiako Doka aretoan egin zuten aurkezpen festa atzo arratsean, Xabi Strubel (Zura), Joseba Baleztena (Sexy Sexters) eta Koldo Soret (Surfin Kaos) musikarien emanaldi akustikoarekin lagunduta.

Gune parte-hartzailea

Emanaldien «berri zehatza eta osatua» eskainiko du webguneak: «Ekimen bakoitzari buruzko informazio osatua, musika taldeen biografiak, argazkiak, audioak eta bideo galeriak izango ditu». Agenda osoa eskaintzeaz gain, zenbait kontzertu nabarmenduko ditu lan taldeak, baina egitasmoak ez du bakarrik zuzeneko emanaldien berri zehatza emango. Ondorengoak ere izango du garrantzirik. Musikazaleak nahiz musikariak beraiek arduratuko dira kontzertuen kronikak idazteaz: «Bizitakoa lehen pertsonan idazteak dakarren gertutasuna eta sentimendua azaleratuko dira horrela. Idatzitakoaren gainean beste interpretazio batzuk eta informazio gehigarriak bilatuko dira, eztabaida eta iritzi desberdinak bultzatuz eta ekimenaren informazioa handituz».

Euskal Herrian egiten diren jaialdi eta kontzertu esanguratsuenen «azterketa bereziak» egingo dituzte egitasmoan parte hartuko duten kideek, eta teknologia berriak erabiliko dituzte langintza horietarako, eta «aurrera begira» zuzeneko emanaldiak egiteko asmoa ere badute, LiveStream erako gailuak erabiliz.

Webgunean idatzi nahi duenak, bere ekarpenak egin nahi dituenak, erregistratu egin beharko du bere burua. «Zozketetan parte hartzeko, iritziak plazaratzeko edo nork bere ekimenen berri emateko harpidetzea eskatzen dugu, hau da, posta elektriko bat eta izen bat ematea». Horrez gain egitasmoa ekonomikoki sostengatu ahal izateko urte osoko harpidetzak jarri dituzte 25 euroan.

LOTURA: BERRIA egunkaria


Komentarioak

Ez dago komentariorik