Musika indartsua eta bizia, haizeekin eta neska-mutil ahotsekin hornituriko punk-rock / pop-rock melodikoa. Hitz sakonak eta konprometituak, borrokalariak, esanahiez beteak, iluntasunean argia bilatzen dutenak. Horixe da Hesian.
2006ko udaberrian ekin genion proiektu honi Etxarriko entsegu lokal batean, Rancid, Blin182 edota No use for a name bezalako taldeen bertsioak egiten. Uda hartan bertan gure lehenengo kontzertua eskaini genuen Etxarriko gaztetxean. Ordutik hona, 250 kontzertu baino gehiago eman ditugu eta estudioko 4 diska (Maite dugu, 2007; Herriaren oihua, 2008; Borrokatu eta irabazi, 2010; Hitzetik, 2011) eta zuzeneko CD/DVD bat (Hemen eta orain, 2013) kaleratu ditugu. Ezin geldirik egon.
2014. urtean, bira alde batera utzi (5-6 kontzertu eman(go) ditugu soilik) eta geure buruak lokalean giltzaperatzea erabaki genuen. Lehen aldiz gure ibilbidean, gure indar guztiak abesti berriak sortzen utzi(ko) ditugu. Inoiz egin dugun lanik helduenak, osoenak, sakonenak eta ederrenak Urrian ikusiko du argia. EGURRE!!